Elkarretaratze herrikoia
Baionako bestak
Besten historia 1932an hasi zen
Aviron Bayonnais taldeko errugbilariei zor dizkiegu gure bestak, haiek baitzituzten sortu 1932an. Urte hartan, jadanik famatuak ziren Iruñeko bestetatik sartzean –Baionarekin parekatua da–, Baionako errugbilariek ideia ukan zuten haien hirian ere besten antolatzea. Orduko auzapeza, Joseph Garat, proiektuarekin ados zen eta bestak horrela abiatu ziren. Berehala zerbait sortu zen eta baionesak segidan lotu ziren ekimen horri. Baionako bestak 1932ko uztailaren 13an sortu ziren, beraz, eta beti eta handiagoak izan dira gaur arte.
Neurri horretako ekitaldiak "feriak" deituak dira Frantziako hiri handietan, baina hemen "bestak" dira. Hemen Euskal Herriko eta Gaskoiniako tradiziozko bestak dira nabarmentzen. Zuzeneko musika da ardatz nagusia: gizon abesbatzak, koruak, bandak eta Euskal Herriko ohiko musika taldeak dira bestetako animatzaile eta eragileak. Eta ohiko ekitaldi anitz ere bada: San Andreseko behi lasterketak, karro-ibilaldia, musika desfile alaiak, kontzertu handiak.
Denborarekin, Baionako bestetako jantzia aldatu da. 1932an, bestak sortu zituztelarik, jantzia ez zen lehentasunezkoa. Urteetan zehar dira usaiak finkatu, eta lagun taldeak berdin janzten hasi dira. Lehenik langile jantzia eta itsas-blusa izan ziren modan.
1990. hamarkada hastapenean, André Béhotéguyk, Besta Batzordeko orduko lehendakariak, baionesei galdegin zien beztitzeko manera baten sortzea. Parekatua den Iruñean bezala egiteko, baionesak zuriz jantzi ziren zapi gorriaz alegeraturik.
Gaur egun, zuriz eta gorriz jantzi behar da. Bai, behar, Baionako besten baloreekin eta beste besta egileekin bat egiteko. André Behoteguyk zioen bezala, "Akatsik gabeko jantzia soinean, jarrera ere halakoa da. Gainera, jendarte mailak eta desberdintasunak ezeztatzen ditu, eta denak bestan elkartzen dira."
Zapi gorria izpiritu horren beste ikurra da. Zapiaren tradizioa ere Iruñetik heldu da, baina anitzez zaharragoa da. San Fermin martiriari egiten dio erreferentzia, Iruñekoa zen eta 303ko irailaren 25ean burua moztu zioten Amiens hirian. Zapia martiri horren odolaren sinbolo da. Zapiak ere ohitura bat badu: ez da sekula lepoan ezarri behar bestak ofizialki hasi aitzin.
Leon erregea besta egile guzien erregea da bost egunez. Or Konpon elkarteko kide batzuek zuten pertsonaia asmatu, eta bereziki André Lascoumesek eta Jacky Barenotek. Gasteizko herrian Zeledon pertsonaia bestetako ikonoa bilakatu zen eta Baionan ere pertsonaia baten sortzeko xedea agertu zen. Errege bat asmatu zuten, beraz, Baionako bestetarako. Baionako besten historiak Léon Dacharry, besten sortzaileetarik bat, beti aitzinera eman baitzuen, alegiazko erregea Leon bilakatu zen. Jean Duverdier marrazkilariak itxura eta koloreak eman zizkion pertsonaiari, eta geroztik, Herriko Etxeko balkoian dago, tronuan jarririk, Baionako bestetako jendeak zaintzen.
Ttipiek eta handiek ohoratzen dute eta errespetatzen bestetako egun guziez, bereziki goizero, eguerditan ttanko iratzartzen delarik.
Erregearen gortea:
Zenbait urte berantago, 1997an, Or Konponeko kideek Besta Batzordeari erregearen gortea sortzea proposatu zioten, 6 pertsonaia berrirekin:
- kuttuna: Leon erregearen betiko amorosa, eta haren erregina izan nahi duena
- medikua: erregearen kontseilaria, haren egitateak, jestuak eta osasuna zaintzen dituena
- gobernanta: erregearen sehia, nortasun azkarrekoa
- txokolategilea: erregearen sukaldaria eta pastizagilea
- marexala: erregearen morroia, gazteluan ordena zaintzen duena
- eroa: bere gisako artista maltzurra, gortea libertitu behar duena.
Tipi Tapa elkarteko kideek dute gortea ibilarazten goizero, 11:00etan; ziganteak besta egileen artetik iragaten dira Leon erregearen iratzarraraztera joateko Askatasun plazara; gaitzeko jendea biltzen da bertan.
Kantua
Agorilak kantu bat ere sortu zuen 2000. hamarkadaren hastapenean: Debout Léon. Erregearen iratzartzeko kantu ofiziala bilakatu da eta jende guziak kantatzen du Leon erregea balkoira ateratzen denean.
Besten denboran, animazio zenbait ezin huts eginak bilakatuak dira, eta programaren ardatz nagusia osatzen dute.
Balkoiko ospakizunak
Askatasun plaza bestetako epizentroa da. Bere balkoitik, Leon erregeak animazioak zaintzen ditu. Besta egileak egun guziez biltzen dira Herriko Etxeko balkoi azpian erregearen omentzeko.
Asteazken arratsean, 22:00etan, bestak ofizialki hasten dira eta Herriko Etxe azpian marea zuri bat osatzen da ezkilek hamar orenak jotzen entzuteko, orduan erregea agertzen da eta zapia lepoan ezar daiteke; denen pozerako, ustekabeko gonbitek giltzak igortzen dituzte.
Ondotik, eguerdiro, publikoa biltzen da Leon erregearen iratzartzen ikusteko. Igande arratsean, bururatze ospakizunaren karietara, karro-ibilaldiaren eta suzirien ondotik, jendea azken aldikoz heldu da Leon erregea omentzera, eta emozioz bete mementoa partekatzen dute denek elkarrekin.
Behi lasterketak
Iruñeko sanferminetan entzierroa bada, eta Baionan behi lasterketak. Bestak sortuz geroztik badira behi lasterketak, eta urtez urte, behien kitzikatzera etortzeko parada da. Arratsaldeko bostak irian, besta egileek izigarri maite dute San Andres plazara sartzea behien erdira, eta adrenalina igaten sentitzea. Izigarriko desafioa da, behien adarrekin norgehiagoka ari izatea. Lasterkariak beha dira, zangoak zerra-zahian, irekirik segitzen duten barren inguruetan, lehenbiziko behia noiz aterako den, eta beldurrak eta loriak hartzen ditu. Behi lasterketak iragaten dira ostegunean, ostiralean eta larunbatean 17:00etan, baita ere larunbatean, 11:00etan.
Haurren eguna
1996az geroztik, besten osteguna haurren eguna da. Goizetik animazio franko proposatzen zaizkie haurrei, ttipidanik besten izpirituan murgildu daitezen. Kartoizko entzierroa, gosaria txokolatesnearekin, haur danborrada, erregearen iratzartzea, hiriko giltza ttipien igortzea, ziganteen desfilea… Dena haurrendako egina da egun horretan. Poterna lorategia 13:00etatik 18:00etara joko-parke erraldoia bihurtzen da eta erakusmahai bereziak badira adin guzietako haurrendako. Horrela, beraz, urtero, Baionako besten ostegunean haurrei erakusten zaie zer den Baionako besten izpiritua. Dena handiek bezala egiten dute!
Karro-ibilaldia
Karro-ibilaldia gure besten tradizio zaharra da. Besten aitzinekoa ere da, 1913an agertu baitzen lehenbiziko karroa Baionako karriketan, Aviron Bayonnais taldeko errugbliariak Frantziako txapeldun izan zirela ospatzeko. Besten karietara berriz atera baitziren karroak 1932an berean, eta besten programaren memento nagusia da.
Baionako elkarteek karroak apailatzen dituzte Herriko Etxetik kanpoko Besten Batzordeak hautatu gaiaren arabera. Karroak bestak baino aise lehenago fabrikatzen dira, herriko gela batean, non kideak arratsetan eta asteburuetan biltzen baitira. Besten larunbatarekin, egileek karroak ateratzen dituzte publikoaren eta epaimahaiaren aitzinera.
Karro-ibilaldia larunbatean eta igandean iragaten da, 22:00etan, eta hiriko hiru auzo nagusietan ibiltzen da.
Herriko Etxetik kanpoko Besten Batzordea entseatzen da urtez urte zuzeneko musikaren antolatzera besten bost egunetan. Egun osoan, bandek, musika tradizional taldeek eta koruek hiriko karrikak alaitzen dituzte.
Bandak
Asteazken arratsetik haste, Baiona banden erritmoan bizi da. Musika talde horiek gutienez 25 musikariz osatuak dira, eta anitz dira karriketan gaindi musika bizia jotzen. Azken urteetan bada 40 banda baino gehiago Baionako bestetan. 2010. hamarkadaren hastapenaz geroztik, bospasei musikariz osatu banda anitz ere bada, leku batean plantatzen direnak gunea istant batez animatzeko.
Ohiko musikak
Baionako bestetan beti nabarmendu dira tokiko musika eta tradizioak. Karrikan, gizon eta emazteek kantatzen dute, eta dantza egiten, grazia eta jeinu handirekin, aspaldiko musika tresnen soinuan. Hemen euskal kultura azkarra da eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Txistuek, trikitiek, gaitek, dantzariek eta abesbatzek dute Baionako besten arrakasta kulturala bermatzen. Jacques Portes plazan arratsaldero karrikaldia iragaten da. Besten erdira sartzean tokiko kulturaren toki garrantzitsu horretatik pasatuz, laster ohar daiteke Baionako bestetan euskal kultura bizia dela.
Orkestrak
Dantzaldietako orkestrek beti ukan dute leku nagusia besten animazioan. Askatasun plazan, San Andres plazan, edo San Izpirituko jazz taulagainean, talde famatuenak ari dira betidanik.
Baionako bestetan zezenketek toki garrantzitsua dute programaren baitan. Baiona Frantziako zezenketa-hiri zaharrena da eta tradizio hori iraunarazten du bestetako larunbatean eta igandean, bi zezen-ikusgarrirekin Baionako zezen plazan (zezenketa formalak larunbatean eta zaldizko zezenketak igandean).
Xehetasun gehiagoren ukaiteko, zoaz Baionako besten webgunera