HIRU EGUN LAU MENDE HISTORIA OSPATZEKO

Baionak bere txokolatea ospatzen du

Badu lau mende Baiona eta txokolatea loturik direla. Historia luzea da, gozatzen eta partekatzen dena. Larrazkena hasten delarik, Baionak hiru egun animazio antolatzen ditu txokolatearen historia esplikatzeko eta produktu noble horren dastatzeko.

2018an sortu kontzeptu berria

"Baionak bere txokolatea ospatzen du" jaialdia 2018an sortu zuten Baionako hiriak eta Txokolatearen Akademiako kideek. Hastapenean, Baionako txokolategileak biltzen dituen Akademiak Txokolatearen egunak antolatzen zituen Salbatore asteburuan. Denborarekin, urrunago joateko eta animazio berri baten atzemateko beharra sentitu zen. Txokolatearen inguruko animazio egun berri horiek txokolatearen eta Baionaren historia kontatzea dute xede hiri guzian gaindi ibilbide pedagogikoa eta ludikoa proposatuz, baita ere dastaketak!

 

Animazio horrek parada ematen du kakaoak Baionako txokolate goxoraino egiten duen ibilbidearen ulertzeko.

Hiru egunez:

  • kakao-arbola ezagutuko duzu bere ingurune naturalean, oihan tropikalean,
  • txokolatea lantzen ikusiko duzu metatearen gainean: XVII. mendeko txokolategileek erabiltzen zuten harria,
  • eskultura erakusketa bat ikusten ahalko duzu,
  • lehiaketa batean parte hartzen ahalko duzu,
  • zure burua argazkitan hartzen ahalko duzu Luis XIV.aren gortean,
  • txokolatea dastatzen ahalko duzu Maria Teresa I.a Austriakoak, Espainiako infanteak eta Frantziako erreginak, edaten zuen gisara,
  • juduen komunitatearen eragina ulertuko duzu Baionako txokolategintzan.

Baionako hiriko gertakari historiko nagusiak eta Baionako txokolategintzaren bilakaera ikasten edo berriz ikasten ahalko dituzu, baita ere txokolateak osasunean dituen onurak, eta gainera karriketan gaindi txokolatez inguratu malba zurizko gozoki bat edo beste gozatzen ahalko duzu…

Parte hartzen ahalko duzu hirian gaindi iragaten den altxor ihizi handian, edo Turismo Bulegoko gidarien bisita gidatuetan ulertzeko San Izpirituren inplikazioa Baionako txokolategintzan. Musika ikusgarria, hitzaldiak, dantzaldia, bazkari gastronomikoa ere programaren barne dira.

Azkenik, Baionako ostalariekin den partaidetzari esker, zatoz baiones kafearen dastatzera (kafea eta egiazko etxeko txokolatea), eta har ezazu zure pasaporte gastronomikoa: Baionako sei txokolategileengana joaten ahalko zara dastaketa pertsonalizaturako!

Baionako portuan merkataritza garrantzitsua zen eta txokolatearen eta hiriaren arteko lotura egiten zuen. XVI. mende hastapen-hastapenean, inkisizioa Espainiako eta Portugaleko juduen atzetik zebilen, eta handik haizatuak izan ziren. Haietarik anitzek Baionan atzeman zuten aterpe, eta Aturriren eskuin bazterrean plantatu ziren, San Izpiritun, orduan Baionatik kanpo zena. Portu horretatik zuten txokolatearen fabrikatzeko errezeta sartu Frantzian. Frantses erresumako lehen txokolategileak izan ziren kakao bihia lantzen.

Hastapenean txokolatea eliteek baizik ez zuten kontsumitzen, eta XVIII. mendean demokratizatu zen. Baionako txokolatearen fama zabaldu zen eta Parisera esportatu zen negozioetara joan ziren baionesei esker, han txokolatea eta haien hiria ezagutarazi baitzituzten. Baiona kalitatean oinarritua zen, bakarrik txokolate finenak esportatuak ziren. Ondorioz, hiriaren izena Europa txokolategilearen leku nabarmenarena bilakatu zen. XIX. mendean, gastronomia modernoa sortu zelarik, Baionako txokolateak izigarriko fama zuen. Fama horri esker Baiona Frantziako lehenbiziko mapa gastronomikoan agertu zen Frantziako probintzietako gozagarriekin batera, Charles-Louis Cadet de Gassicourtek 1809an argitaratu zuen idazlan gastronomikoan (Cours gastronomique ou les dîners de Manant-Ville, Paris, Capelle et Renand, 1809).

Gaur egun Baionako txokolateak leku garrantzitsua du Akitaniari buruzko frantses sukaldaritza ondarearen liburuan, hots, txokolatea onartua da gastronomoen mundu ttipian. Baiones ofizialeek txokolategintza lantzen dute historia aberats horretan bermatuz. Baionako txokolatearen ezaugarriak atxikitzen dituzte, hala nola beltza da, azkarra, samina, guti azukreztatua, baina gustu, zapore, testura, forma mota desberdin asko proposatzen dituzte, bakoitzak berea, eta horrek du ere egiten Baionako txokolatearen izpiritua eta aberastasuna.