EKE/BAIONA PARTAIDETZA
Euskal Kultur Erakundea
Euskal kulturaren zerbitzura
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) euskal kulturaren babestea, transmititzea eta hedatzea ditu xede; aldi berean, sorkuntza artistiko garaikidea agerian ematen eta sostengatzen du.
1990ean sortu zenetik Uztaritzen dagoen Euskal Kultur Erakundea euskal kulturaren garapen iraunkorrerako erakunde egituratzailea da. Frantziako estatuak, Akitania Berriko eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak eman misio orokorraren baitan jarduten du.
Lurraldeko animazioa eta kultura-ingeniaritza
EKEk ikuskizun bizien, literaturaren, ondare immaterialaren eta ikusizko arteen arloak animatzen dituzten lurraldeko elkarteak sostengatzen ditu. Hala, urte guziz, ehun elkarte baino gehiago laguntzen ditu proiektuen sortzen.
Bestalde, EKEk ekintza kulturalen akuilu ere izan nahi du. Beraz, bere proiektuak garatzen ditu. Baina, arlo horretan ere, EKE ez da bakarrik ari: kulturaren, hezkuntzaren eta hedapenaren arloetako partaideekin aritzen da, elkarte zein erakunde.
Ingeniaritza kulturalean dituen gaitasun profesionaletan oinarrituz, EKEk lurraldeko elkargoei gaitasunak eta aholkuak ematen dizkie, baita ikuskizun biziaren arloko egiturei ere; horien artean, Akitania hegoaldeko Eszena nazionalarekin ko-zuzendaritzan aritzen da.
2017an, Euskal Kultur Erakundeak Etnopolo labela ukan du; hots, Frantziako Etnologiako Ikerketa eta Baliabide guneen labela.