BAIONAN, GASTRONOMIA OHORETAN

Txokolatea eta xingarra

Baionan, gastronomia gai seriosa da. Toki berezia du, eta hiriaren eta eskualdearen historia sozial eta ekonomikoan azkarki errotua da.

Gastronomia, indar politiko eta estrategiko

XVII. eta XVIII. mendeetan, tokiko mozkinek Baionari fama ekarri zioten; xingarrak eta txokolateak, bereziki. Jateaz gain, opari gisa ere baliatzen ziren, Baionara jin itzal handiko jendeei eskaintzeko. Janari-opari horiek eginkizun politiko eta komertzial estrategikoa zuten, eta irauteko arras lagungarria izan zaie.

Baionako xingarra, nortasun ikur

Xingarra Erdi Aroaz geroztik egiten da. Aturriko ibarreko herrietan egiten zen, eta bertako gatz bikainak ekarri zion fama, kontserbatzen baitzuen eta gustua azaleratzen baitzion. Baionako portuan merkaturatzen eta esportatzen zenez, segidan hiriaren ikur bilakatu zen. Gainera, xingarrak urte guziz bere besta ukan zuen, XIX. mende erdiaz geroztik, udaberriko ferian. Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, Xingarraren kofradiak sormarkaren babesteko eta xingarraren agerian emateko ahaleginak egiten ditu, ondareko osagai den heinean. Egun, Baionako xingarraren partzuergoak Baionako xingarraren saileko eragile guziak biltzen ditu, laborarietatik gazitu-egileetara. 1998ko urritik, Baionako xingarrak sormarka berezia du.

Baionako xingarra/ Fabrikazioa

Baiona, txokolatearen hiriburua

Txokolatea ere Baionako historiaren fruitua da: txokolatearen hiriburua dela ere erraten da. Hastapenean, XVII. mendean, edaria zen. Txokolatearen historia juduenarekin hertsiki lotua da, haiek merkaturatzen baitzuten bihia, eta Espainiako fabrikazio sekretuak haiek baitzekizkiten. Lehenik, eliteak baizik ez zuen edaten; baina, pixkanaka, txokolatea Baionako eta Lapurdiko jendarte osora hedatu zen. XIX. mendean, txokolategile ospetsuen dinastien saltegiak garatu ziren: txokolatea gozoki, bixkotx eta izozki bilakatu zen. Baionako txokolate-tradizioak bere akademia ere badu, eta hiriari jakintza eta historia batzen dituen nortasun berezia ematen dio.
Baionako txokolatearen akademia