Merkataritza, Kultura
Véronique Erramuzpe: karra... besaulki batean bezala
Data honetan argitaratua
Floridako lantegiaren goxotasunean, bere “izpiritua noraezean dabilen” une hain berezia preziatzen du. Véronique Erramuzpe altzari-tapizaria da.
Bere berezitasuna? Besaulkien berriztapena. Egun hartan, Luis XV.aren garaiko besaulki baten gainean ari da lanean, kurba leuneko oin bakoitzean zizelkatutako lore berezia duen besaulkia. Jarlekua estaltzeko metodo tradizionalari jarraikiz, Véroniquek “zurda josten” du, landareen eta animalien zurda, oihal zuri bat, guata eta ehuna ezarri aitzin. Azken ukituak iltze edo xingola baten bidez egiten dira. “Besaulki bati bigarren bizi bat ematea, hau da lanbide honen atsegina”, salatzen du artisauak. “Bezeroen asetzeaz gain, aintzat hartzekoa, zerbait ederra egitea da soilik laket dudana. Besaulki bati nortasuna berriz ematen diodalarik, harro sentitzen naiz.” Eta Véronique bere lehen “biziaz” oroitzen da, Parisen lan egiten zuelarik erreferentziazko golf-saltegi batean. Lagun tapizari batek zuen LGA pasatzera bultzatu, Coarrazeko Arte-Lanbideen lizeoan. Ondotik, bere formakuntza hobetu zuen Baionan, André Domingoren ondoan - “jakintzaren transmisioa, gauza zoragarria da!” - bere lantegia ireki aitzin, 2006an, katedralaren ondoan. 2012an, laguna duen Nina Quaglio artista mosaikogilearekin, Florida auzogunean jarri zen. “Maiz eskulangileak bakarrik dira beren lantegietan”, dio Véroniquek. “Ninaren ondoan lanean aritzeak oldar bat sortzen du. Elkar sustatzen dugu.”
“Besaulki bati nortasuna berriz ematen diodalarik, harro sentitzen naiz.”
Gaur egun, Véroniquek argi ikusten du bere jarduera: “Lanbide oso ederra da, noski, suhartasun eta lanbide bat, %80an femeninoa, baina gu, tapizariok, doi bat anakronikoak gara... Alta, eskulangintzako arte-lanbideek balioztatuak izatea merezi dute.”