Kultura, Musika
Tony le Guilly, elkartzen gaituen breakdantzaria
Data honetan argitaratua
Saltzeko deus ez duenaren heldutasunarekin mintzo da, lasaiki, bere ezagutzak nasaiki partekatuz. Bere urraspide eraikitzailea hip-hop filosofiari dagokio, hots ahal bezainbat jendeei eskuragarri eta gizarteratzaile izateko xedea duen filosofia.
Horregatik denak ongi etorriak dira bere klaseetara, ahalmen urriko lagunak barne. Esparru honetan, Baionako Erakunde terapeutikoa eta heziketa-pedagogikoarekin eta Biarritzeko Plan Cousut Erakunde mediku-pedagogikoarekin ari da lanean. Egokigarritasuna: hau da duela berrogei urte inguru New Yorkeko Bronx auzogunean sortutako kultura honen hitz nagusietariko bat. Breakdance hitzak, ingelesez, “hautsi” eta “dantzatu” erran nahi du. Hemen haustea rapari erreferentzia bat da, haustura musikalak proposatzen baititu. Filosofikoki, gero eta gehiago nagusitzen ari zen eredu sozial batetik ateratzeko gogoari zegokien, hots bortizkeria eta droga desberdinen kontsumoa kutsua zuen ingurugiroa. Dantzak eta ukaldikako mugimenduek askapen zerbait ahalbidetzen zuten eta energia bideratzaile azkar bat izaten zen. Eta hala izaten segitzen du... “Existitzen diren figurak eta teknika batzuk oinarri, bakoitzak bere sormena garatzeko bidea du”, dio dantzariak. “Deus ez da zurrundua. Gainera, “battles” delakoetan agertzen da hori, koreografia lehiaketak. Hegoaldean adibidez, nahiz eta gugandik hurbil izan, dantzariak desberdinki mugitzen dira.”
Konpainia sortuberria
Duela hamabi urte, Tonyk Street Art elkartea sortu zuen Baionan, eta harekin segitzen duten gazteen artean, bat baino gehiago izan dira “battles” batzuen garaile. Horietako zortzirekin, zeinetariko bi aitzin-profesionalizazio formakuntza segitzen ari diren, konpainia bat sortu du: Wazza Panda Family. Lehen sorkuntza bat plazaratu zuten 2019an; bigarren bat izanen da aurten, “Peru eta otsoa” ipuinaren inguruan. Lehen sorkuntzaren emanaldietan bildutako diruari esker, besteak beste joan den udan, talde ttipiak New Yorkera bidaiatzeko asmoa du, osasun egoera ona itzuli bezain laster. Anartean, jarduera Street Artetik datorrelako, karrikako artea, kanpoan aritzeko eta elkarretaratzeko bidea ematen du. Horrela, breakdantzariek trebatzen segitzen dute buru-belarri. Gainera, hau da irakasleak segitzen duen bidea azken bi hamarkadetatik goiti: Breakdantza ezagutu zuen Orthezen 16 urterekin eta ustekabe handia izan zen. Sentipen honekin bat eginez, bidaiatu zuen hobetzeko eta beste dantza motak ezagutzeko. Lehenik Bordeleko Rêvolution konpainiaren aldean formatu zen, gero konpainia garaikide eta klasikoen ondoan, Los Angelesera joan baino lehen, bere ezagutzak sakontzeko. Esperientzia desberdin horien bidez, bere errepertorioa aberastu zuen eta ate asko ireki zitzaizkion, besteak beste Aturri Aldeko eta Paueko Unibertsitatearenak, non jazz dantzan ari diren gazteekin dantzatu baitzuen, ezagutzaren adinetan diren kolegioko ikasle batzuekin Hendaian eta Kanbon, baita Donibane Garaziko euskal dantzariekin ere, zeinekin diziplina anitzeko egitasmo bat muntatu zuen.