Merkataritza, Kultura
Nina Quaglio: harmailua erabiltzen dakiena
Data honetan argitaratua
“Haustura baten beharra nuen, askatasuna hautatu dut.” Hitz horiekin justifikatzen du sekulako norabide aldaketa. 2000. urte inguruan, Tolosarrak Roissyko aireportua eta Air France konpainian zuen ingeniari lanpostua uztea erabaki zuen, mosaikorako karra asetzeko!
“Nehork ulertu ez duen erabaki bat da, besteak beste gurasoek [irriak], baina egun osoan ordenagailu baten gibelean egotea baino beste zerbait egin behar nuen. Nire eskuekin lan egiteko gogoa nuen, zerbait konkretu egiteko.” Orduan, munduko mosaikoko hiriburura joan zen, Ravennera, Italian, non arlo honetako maisu baten ondoan formatu baitzen: “horrek zuen aldaketa abiarazi”. Gero, New Yorken egindako ikastaldi baten denboran, pop artea ezagutu zuen: “jostagarria zen, gehien bat sorkuntzan ari ginen zehaztasunean baino”. 2006an, bere lantegia sortu zuen Baionan, katedralaren ondoan, eta Véronique Erramuzpe altzari-tapizariaren ezagutza egin zuen. Biek lantegi berri bat partekatzea erabaki zuten sei urte berantago, Florida auzogunean.
“Nihauren ekaia sortzeko eskuak libro ukaitea gustatzen zait”.
Harmailu eta taielaren bidez, mosaikogilearen tresnak, hemen ditu beira-ore, urre ala zilar smalt, gres, haitzurdin, zeramika edo uharri zati ttipiak mozten eta pikatzen. Hortik dator lantegiaren izena: zatiki. Ondotik, euskarri baten gainean kolatzen ditu: zola, pareta, zizelkadura... edo surfeko taula! Milaka koral zatiz estalia den longboard hau bezala. “Nihauren ekaia sortzeko eta mozketari mugimendua emateko eskuak libro ukaitea gustatzen zait”. Gure arte eskulangileak egin dituen freskoak Paris edo Txinako saltegi ospetsu batzuen paretetan zintzilikatuak dira, Chaumet eta Fred zilarginen etxean, baita Guerlain lurringilearen etxean ere.