Borondate oneko lana, Education
Michaëlla Clapisson, denok irabazle izateko estrategia
Data honetan argitaratua
Jean-Pierre Brana eskolako zuzendaria denbora osoz 2020ko sartzetik goiti - aitzinetik, irakaslea izateaz gain, denbora partzialean betetzen zuen lanpostua, Michaëlla Clapissonek bere denbora egitasmo-pedagogiari ematen du, baloreak transmititzeko bide bat, haurrek eskuztatu ditzaketen helburuak eramanez. Ildo honetan kokatzen da Brana eskolako baratzea, haur guziek lantzen dutena, edozein izan dadin haien adina. Graines de liberté elkarteko parte hartzaile batek eramandako tailerren bitartez, ikasleek ikasteko beste modu bat lortzen dute, izadia eta honen zikloekin loturan, janaria eta osasunarekin, bizidunen ugalketa eta zaintzarekin... Askok atsegin dute eta jostalekuetan agertzen diren usaiako bereizketatik urruntzen dituzten partekatze eta trukaketa tarteak gozatzen dituzte. “Jostalekuan sistematikoki finkatzen diren menpekotasun harremanak gainditzen laguntzen gaituen tresna bat da baratze hau, dio Michaëllak: handiak ttipien kontra, mutikoak nesken kontra... Harreman horiek, gehien bat, baloi jokoen bitartez agertzen dira. Neskak baztertzen ikusten ditugu baloi tirakoak saihesteko, mutikoak leku guzia hartzen, abilenak laudatuak izaten eta traketsenak apalduak. Gazte-gaztetik nabarmentzen den errealitate hori sekulako eragozpentzat zeukatela kontatu ziguten ikasgelako ordezkariek. Eta kasu emanez, denok hunkitzen gaituzten oharkabeko mugei dagozkiela ohartzen gara”.
Menpekotasun harremanak, arazo handia
Badira hiru urte Jean-Pierre Brana eskolako pedagogia-taldeak gaia lantzen duela, zuzendariak akuilaturik, baina gauzak ez dira erabat aldatzen. “Ikasleei adierazi diegu neskek ere zango-baloian har daitezkeela, egutegi bat plantan ezarri dugu joko honen omnipresentzia saihesteko, jostatzeko beste bideak utzi ditugu haien esku - zango makolak, pilotak..., baina berdin da. Orduan, taldea behaketa-urrats batera pasatu da. “Ohartaraztearen bidez, erroztatuak diren eskemetatik ateratzea ahalbidetuko lukeen oldar berri bat ematea dugu xede”. Urrats desberdinek osatuko dute esperimentazioa, eta honen ondorioz, lekuak berrantolatuak izanen dira. Beste eskola batzuek Brana eskolak gidatzen duen proiektu honetan parte hartzen dute, Lehentasunezko Hezkuntza Sarearekin koordinaketan, Brana eskola sare honen barne dela eta. “Ikasleek parte hartuko dute, dio Michaëllak, funtsezkoa da, noski. Gurasoak ere parte hartzera gomitatuak izanen dira.”
Erronkaren zentzua
Jende gehienaren integrazioaren eta urraspide parte hartzailearen zentzuan dugu emazte bizitore hau ezagutzen, beste sentsibilizazio ekintzak ere eramaten dituela eta. Ildo beretik, Bask’Elles-ekin, gizartean emazteek duten lekuari buruz gogoetatzen du eta, batez ere, hirien toponimian duten irudikapenari buruz. “Karrika edo plazen %3ak baizik ez du emazte baten izena, azaltzen du. Historiak gizonenak aiseago onartzen ditu, nahiz eta emazte asko ere izan ziren militante, zientzialari, idazle, sendagile... Jean-Pierre Brana eskola, adibidez, André-Harambillet etorbidean kokatua da. Egun batez, gizon hura nor zen bilatu nuen eta Herriko kontseiluan zinegotzi izan zela aurkitu nuen. Alta, erresistentziako kide izandako Baionako emazte batzuk ere izan ziren Herriko kontseiluan 1945etik aitzina, arretarik bildu gabe. Orduan, Bask’Elles elkartearen galtzarrean, emazte horiek itzaletik ateratzea erabaki dugu, artxibo funtsetan eramandako miaketek lagundurik, eta ondotik, gure aurkikuntzak Herriko Etxeen Toponimia batzordeei jakinaraztea.”
Erresistentziako kideen potretak eta 1789an* haien ahotsa entzunarazi zuten emazte Donibandar batzuen potretak aurkezten dituen erakusketa bat dabil herriz herri, emazte horiek aitzinera ekartzeko asmoz. Joan den martxoan, goi mailako kirolari emazteak bildu ziren mahai inguru baten karietara, kirol munduan existitzeko eramaten duten borrokaren lekukotasuna adierazteko. “Gure xedea ez da bakarrik berdintasunik eza salatzea, baizik eta sentsibilizatzea eta bereizkeriak gainditzea ere. Berdintasunik eza hori ez baita emazteen kontu bat bakarrik, gizonen kontua ere izaten da.”
*Jacques Ospitalen "Figures de femmes, le silence de l'Histoire au Pays Basque", liburuan aipatuak, Elkarlanean argitaletxea