Kultura, Musika
Marcelino Herradura, musika tresnen kirurgilaria
Data honetan argitaratua
Haren lantegiko berinen gibeletik, katedralaren kalostrapeak lasaitasun goxoa hedatzen du. Irratiak jazz nota goxoak zabaltzen dituen bitartean, Marcelino Herradurak, lan mahaiaren gainean makurturik, kontrabaxu, biolontxelo, biolin eta biolen “hausturak” artatzen ditu, “hari igurtziko musika tresnen kirurgilari bat” bezala, berak dionez. Baionako arrabitagile bakarra da.
Frantzian oraindik aurki daitezkeen 1 200etariko bat. Espainian sortua, Marcelino Arroxelan hazi zen, bere maletak Euskal Herrian pausatu aitzin orain dela 20 urte. “Garai hartan, bi lan ttipiren artean, nire bidearen bila nenbilen... Eta gitarra jotzen nuen...”
Oinarria hor zegoen! Halabeharrak hartaraturik, arte-arrabitagile bat Baionan jarri berri zela jakin zuen. Eta ez nornahi! Hura zen Christian Nogaro, kontrabaxuaren esteta, Capbretoneko jazz festibalaren zuzendari artistikoa bilakatu zena - swing estiloko mundu mailako pertsona ospetsu hau 2014an hil zen. Haren baitan Marcelinok formakuntza maisu ezin hobea aurkitu zuen eta haren lantegiaren segida hartu zuen 1993an.
“Lehen egunean bezala musika jotzeko gai den mende askotako musika tresna zahar bat, bada zerbait!”
Urteak joan ahala, Harresien Lantegian, arku-egile bat harekin bildu zen, gitarrak eta baxuak ere artatzen dituena. Gitarra elektrikoendako anplifikagailuetan aditu bat ere bildu zen haiekin. Gaur egun, Luc karrikan kokatutako lantegi ttipi batean, gure arte-eskulangileak ehun urte dituzketen musika tresna hauskorrak, izeiz, ebanoz eta astigarrez osatuak, konpontzen, zaharberritzen, doitzen eta batzuetan saltzen ditu. “Lehen egunean bezala musika jotzeko gai den mende askotako musika tresna zahar baten aitzinean izatea, bada zerbait!” Marcelinok kontrabaxuzalea dela aitortzen du. Gainera, 2 metroko luzera eta 8 kilo pisu ukan dezakeen musika tresna handi honen eraikitzeari lotzea zin egin dio bere buruari!