Kultura, Musika
Laute soinuko iratzargailua Abdellahrentzat
Data honetan argitaratua
Kantuaren dohaina badu - bere ahotsa, funtsezkoa zaiona. Kantuaren kultura ere badu: frantsesa amarengandik, marokoarra aitarengandik, euskalduna bizilekuarengandik, ingelesa lau haizetara kantatzen den hizkuntzarekiko zaletasunarengandik.
Bestalde, zortzi urte dituenetik, Abdellahk solfeo eta saxofoi klaseak hartzen ditu Maurice Ravel kontserbatorioan, baina kantu klaserik ez, teknika belarriz lantzen duela eta. “Betidanik musikalki kulunkatua, kantu baten tonua harrapatzeko gaitasuna naturalki lortu dut, nire ahotsaren mugak ere ezagutzen ditut, dio Abdellahk. Gure etxean, kultura bat da: ez da familia-apairurik musikarik gabe, kanturik gabe. Hamar minuturen buruan, musika tresnak ateratzen ditugu!” Bere aita Mohammedek, ud jotzailea eta Boujalal taldearen sortzailea, izan du nahiko eragin noski. Goizero, aita-semeek erritual atsegin bat partekatzen dute eguna goxoan hasteko: “Nire logelako atea irekitzen entzun bezain laster, nire aita lautea jotzen hasten da inprobisatuz, eta nik, eskailerak dantzan jaisten ditut... Ondotik elkar besarkatzen dugu bizkarra goxoki joz, perkusioak balira bezala. Honek ez du profesionaltasunarekin deus ikustekorik, une amultsu bat da!” Musikalki adierazitako amultsutasun zerbait, nerabearen baitan durundatzen duena egun osorako eta ondoko egunetarako, bizia gozamenez bete arte eta biziari norabide bat eman arte...
The Voice Kids emankizunaren finalista
Familiak ekartzen dion sustapen suntsiezina lagun, gizon gazteak bere hurbilekoen aholkuak aditu ditu eta 2019an, The Voice Kids emankizunaren lehen hautaketetan izena eman du, milioika teleikuslek segitzen duten telebista emanaldia. “Ahots eder bat dugularik, inguruko jendeak oharturik, beti entzuten da lelo bera: “The Voice” emankizunean behar zenuke izena eman”. Abdellahk erronka altxatu du, kanporaketa-urratsak gainditu ditu, finalean bigarren lekuan amaitzeko. Bide polita egiazko formakuntza teknikorik eta ahots-aholkularirik ez duen kantari batentzat, beste kandidatu asko bezala.
Orduz geroztik, koronabirus pandemiak kalteak egiten ditu, egitasmo artistiko ugari makurbidean emanez. “2020ko urria, finalaren eguna, eta 2021eko udaren artean, ez da gauza handirik gertatu, dio Abdellahk. Eta agorrilaren 18an, Baionako zezen plazan kantatzeko sekulako bozkarioa ukan dut. Aldi berean sinbolikoa eta hunkigarria izan da, publikoaren ikustatea sentitu dut.” Kantari gazteak jarraitzaileak baditu jadanik, Baionarrak hasteko, ezagutzen eta segitzen dutela eta. Haatik, burua plomuan ukaiten segitzen du. Musika munduan bere bidea eginen duelako itxaropena atxikiz, beste arloetan formatzen segitzen du. René Cassin lizeoan, azken mailako ikaslea izanez, musika, nola ez, eta ingelesa hautatu ditu batxilergorako ikasgai berezi gisa, baita zuzenbidea eta musika -berriro, hautuzko ikasgai gisa. Helburutzat dauka 2022ko ikasturtean Sorbonan sartzea: jadanik heldua den gazte honek dohain franko izatea hobe dela badaki.
*Lautea: gitarrarekin eite duen Ekialdeko harizko musika tresna