Aristide de Sousa Mendes 

Kultura

Aristides de Sousa Mendes: askatasunerako milaka bisak

1940an, Aristides de Sousa Mendes Portugaleko kontsulak milaka jende salbatu zituen deserriratzetik. Baionan eta Bordelen gertatu zen, non kontsulak eta kontsulordeak Portugalerako bisak izenpetu zituzten tira ahala.

Data honetan argitaratua

1940ko ekainean, Aristides de Sousa Mendesek eta bere lankideek 30 000 bisa eman zizkieten eskatzen zituzten iheslariei. Berak, bere emazteak eta bere 14 haurrek arriskatzen zutenari buru eginez, kontsulak bere arimaren ahotsa aditu zuen. Bere ilobari erran zion bezala, 1954an, hiltzeko zorian eta gabezia gorrian zelarik: “Ez dut zuri uzteko deus, nire izena izan ezik, eta garbia da”. 
Ekintza hori, Aristides de Sousa Mendesek eraman zuen bere arima eta kontzientzian, eta, batez ere, Antonio de Oliveira Salazar diktadoreak argitaratu zuen 1939ko azaroaren 11ko zirkularraren kontra, zeinek juduei, aberrigabeei eta aurkako politikariei Portugalen sartzea debekatzen zien. 

1885ean Portugalen sortua, Aristides de Sousa Mendes Portugaleko kontsul nagusia izendatua izan zen Bordelen, 1938ko agorrilean, 53 urte zituelarik. Beraz, 1940ko hondamendiaren lekuko izan zen eta holokaustoaren aurka borrokatzea erabaki zuen, bere esku zituen baliabideekin. Horren ondorioz, Portugaletik jaukimenduak bideratuak izan ziren bere kontra, bere ekintza segitzetik trabatu ez zutenak. 1940ko ekainaren 20tik 22ra, mahai bat eta kadira bat ezarri zituen Pilori karrikako 8. zenbakian, hots, kontsulordearen bulegoaren aitzinean; handik, pasaporte ugari zigilatu eta izenpetu zituen. Hendaiako bidean, armistizio hitzarmenari eta okupatzailearen aginduei kasurik egin gabe, mugatik hurbil gurutzatzen zituen iheslari guziei balio handiko bisak banatzen segitu zuen.

Bederatzi egunez, Aristides de Sousa Mendes erresistenteak 30 000 jende baino gehiago salbatu zituen deserriratzetik, horietarik 10 000 judu.

Justua Nazioen artean

Gertakarien berri ukanez geroz, Salazar gobernuak kontsula bere kargutik kendu zuen berehala. Diziplina-auzi batean urte bateko kanporatzera kondenatua izan eta gero, erretretara ezarria izan zen hogeita hamar urteko zerbitzua bete ondotik diplomazialari gisa. 1966an, Aristides de Sousa Mendesek Justua Nazioen artean titulua jaso zuen hil ondoan, Jerusalemgo Shoah-ren memorialak emanik, Juduen herriaren izenean. Portugaleko errepublikak 1986an bakarrik itzuli zion bere izen ona. 2020an, Herriko panteoian sartu zen, Portugaleko legebiltzarrak alde bozkatu ondotik. Baiona Handiko karrika batek ere haren izena dakar.

Gizonaren itzala guziz neurtuz, Simon Veil-ek zioen: “Ez pentsa berez zihoan gauza zela: goiz edo berant, juduak laguntzea hautatu zuten goi-funtzionarioak edo diplomazialariak, erregimen hiltzaileen katebegi konplize izateari uko eginez, salbuespenak dira. Aristides de Sousa Mendes izan zen juduei bisak ematera ausartu ziren diplomazialari guti horietakoa”. (Simone Veil. Eric Lebretonek idatzitako Bizitzarako bisak obraren aitzinsolasa)