ONDARE GUNE BIKAINA
Baiona, arkitektura ondare paregabe eta bizitzeko antze gune
Baiona, hiri monumentua
Denborak Baiona garaiz garai moldatu du; egun, monumentu historiko enblematiko anitz ditu: katedral bat, bi gaztelu, zitadela bat, harresiak… Egungo Baionaren historia duela 2000 urte hasi zen. Harresiz inguratu hiri militarra ibai eta itsaso portuaren memoriarekin nahasi zen. Hiriaren erdigune zaharrak historia hori kontatzen du, Bidaxuneko harri zurizko ala kolorezko zurez apaindu etxe aitzinaldeetan. Eraikin multzo horren antzinatasunak eta edertasunak ez dute parerik, eta egun, ondare gune ohargarrian kokatu hiri monumentu oso gisa jotzen da.
Baiona, Europan parerik gabeko multzo gotortua
Antzinatetik beretik, xede militarrak ukan ditu Baionak, kokapen estrategikoa baitzuen. Erromatarrek kanpamentua eraiki zuten bertan, eta hiriaren mugak luzaz finkatu. Ondotik, mendez mende, harresi baten ondotik beste bat altxatu zen. XVI. mendeko harresia oraino osorik dagoenez, Frantziako gisa horretako harresi sistemetan, Baionakoa da hobekien kontserbatua. Hiru gotorlekuk Baionako historiako momentu erabakigarriak oroitarazten dituzte: Baiona Handian, Gaztelu Zaharrak; Baiona Ttipian, Gaztelu Berriak; eta San Izpiritu auzogunearen gainaldean, Zitadelak, Vauban marexalak eginaraziak. Harresi multzo horrek Europan ez du parerik, ez azaleran (3,5 km), ez arkitektura aniztasunean.
Baiona, bizitzeko antze hiria
Baionan, bizitzeko antzeak ere badu garrantzia. Trukatzeko xedea, irekidura eta lagun arteko giroa tradizioan ditu, eta ondare immaterial hori etengabe arraberritzen da. Izaera jendekin zinez berezi horrek Baionari indar handia ematen dio kanpora begira. Kirola, kultura eta besta zinez errotuak ditu, eta hiruek batean, nortasun azkar eta aldarrikatua eraikitzen diote. Errugbia, pilota, arrauna, euskara eta euskal kultura, gaskoia eta gaskoi kultura hor ditu, eta zer erran bestaren kultura famatuaz, elkarte ugari biltzen baititu eta Baionako bestetan gailurrera iristen baita!
Baiona, eraikin handiak, karrika freskoak eta zalapartarik gabe batzen diren errekak biltzen dituen Baiona. Zutaz mintzatuz, ene burua konta nezake, ene erro zaharrenak atzeman […]"
Jean Cayrol, "Vivre dans les Basses-Pyrénées 1900-1930" liburuaren hitzaurrea, 1980
Baionako ondareak, Frantziako ezagupena
2011z geroztik, Baiona "arte eta historia hiri" sailkatua da eta "ondare gune ohargarria" du (lehen "sektore babestua" zena). Hogeita hamar gune eta monumentu babestu ditu, monumentu historiko gisa. Sei eraikinek “XX. mendeko ondarea” labela dute. Santa Maria katedrala Unescoren munduko ondarean sailkatua da, "Frantziako Konpostelako bideak" saileko kultur ondare gisa.