AUZO ZAHARRAK ETA ANDEATUAK ERABERRITZEKO PROGRAMA NAZIONALA (PNRQAD)

Baionan, hiria zaharberritzeko bost lehentasunak

2009an, hiria zaharberritzeko agentzia nazionalak (Anru) abiaturik, Auzo Zaharrak eta Andeatuak Eraberritzeko Programa Nazionalak (PNRQAD) auzo zaharren gune oso andeatuak eraberritzea du xede (bizitegiak, saltegiak, espazio publikoak…). Baiona izaten da maila nazionalean atxikiak izan diren 25 hirietariko bat.

Hiri-bilbe atipiko bati egokitutako programa

Ondarezko gune ohargarriaren hiri-bilbea, Baiona Handiaz eta Ttipiaz osaturik, oso atipikoa da, xingola itxurako eta trinkotasun handiko lursailekin (%98an eraikinak). Etxebizitzetan, gehienetan, argi-zulo baten bi aldeetan banatutako eraikinaren bi gorputzetan antolatuak dira bizitegiak. Antolaketa honek, batzuetan, gibelaldean kokatutako bizitegietan, duinak ez diren bizileku egoera lanjerosak sortzen ditu: argitze naturala eta haizeztapen eskasa, sute bat gertaturik hutsarazteko antolamenduen eskasa. PNRQAD planak eskasi horiek desagerrarazteko xedea du, etxadi mailako proiektu orokor baten logikan.

Lehentasunezko bost etxadi xedetzat dituen ekintza

Bost etxadi atxikiak izan dira Baionako PNRQAD planaren esparruan (Auzo zaharrak eta andeatuak eraberritzeko programa nazionala). Ekintzak partaidetza azkartu baten esparruan bideratuak izanen dira, Baionako Hiriak gidaturik. Hiriak edo Ipar Euskal Herriko Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoak (EPFL) segurtatuko du hogei bat etxebizitzen aitzinetikako lur menpekotasuna. Ondotik, ontasunak, eraikina berregituratu beharko duten operatzaileei salduak izanen zaizkie, behar balitz, etxadiaren bihotza suntsituz (arraspatzea), eta beharrez, eraberritutako bizitegi eta saltegiak berrosatuz. Ekintza horien bideratzeko hautatuak izan direnak dira Habitat Sud Atlantic, le Col eta Domofrance. Bost ekintzen bidez, PNRQAD planak 80 bat alokatzeko bizitegi sozial edo jabegora heltzeko bizitegi sozial, mota desberdinetakoak, eta 10 bat saltegi sortzeko bidea emanen du.

  • 38. etxadia: Frédéric Bastiat karrika - aitzin-proiektua eta proiektua
  • 12. etxadia: Victor Hugo karrika
  • 14. etxadia: Salie karrika
  • 15. etxadia: Zilargin karrika
  • 45. etxadia: Xaho kaia, Pannecau karrika, Kordelierren karrika

Erronken araberako diru kopurua

Antolaketa ekintzek eta egitasmoaren bideratzeak 15 milioi euro kostatuko ditu. Baionako Hiriak, ANRUk (Hiria zaharberritzeko Agentzia Nazionala) eta operatzaileek ordainduko dituzte, 5 milioi euro bakoitz, ekintza horien lur funtsen defizita diruztatzeko, bizitegien eta saltegien eraberritze gastuetatik kanpo, alokatzaile sozialen gain.

Estatuak, Euskal Hirigune Elkargoak, Departamenduko kontseiluak eta Action Logement elkarteak diruz lagunduko dute bizitegien sortzea. Gordailu-kutxak PNRQAD planaren "merkataritza eta eskulangintza garapena" atala plantan ezartzea laguntzen du, 150 000 €ko diru laguntzaren bidez.