Baionako Merkatuaren inguruan publikoaren eskura den galdetegi-hautsontzietarik bat. © Ville de Bayonne 

Ingurumena

Zigarrokinak biltzen argindarra ekoizteko

Miarritzeko Tree6Clope elkartearekin partaidetza hitzarmena izenpetu berri du zigarrokin horien biltzeko eta horiekin argindarra egiteko! Maiatzatik, 1,730 kg zigarrokin bildua izan da, hots 5 536 zigarrokin, erran nahi beita kutsatuko ez diren 2 768 m3 ur.

Data honetan argitaratua

Zigarrokin bakar bat erratzarekin karrika-arroilara pusatu ondoan,  500 litro ur kutsatzen duela eta berak bakarrik 3.000 substantzia kutsatzaile dituela jakinez, aise ulertzen da ingurumenaren kaltetan ari garela bide publikora botatzen dugularik. Azken bi urte horietan, erretzaileek  zigarrokinak hautsontzietan bota ditzaten, Baionako Hiriak hogei bat hautsontzi ludiko ezarri ditu, eta ekain hondarreko kopurua hirukoiztuko da.  

Eta apirilatik,  bilketak emaitza onak emaiten ditu bildu 5 536 zigarrokinekin 26 gunetan. Sailkapenaren goi partean: Baionako Merkatua 545 zigarrokinekin, Bergeret plaza-baratzekoak, Katedralako atarikoak eta  Louis-de-Foix lizeokoak haien segidan direlarik. Tree6Clope elkarteak bilketa antolatzen du ardurenean bizikletaz, ondotik berreskuratu  hondakin guziak Bénesse-Marenneko erraustegian uzteko. Energia soberakina argindarra bilakatuko da, tokiko enpresenentzat.

Hautsontzi-galdetegiak

Hautsontziek bi zutabe dituzte, bakoitza gustuaren gaiari lotua: " Xingarra ala txokolatea nahiago duzu?" edo ekologiari buruzko ezagutzak hala nola "zigarrokinak biodegradagarriak ala birziklagarriak dira?". Beste batzuk jinen dira "publikoa libertitzen dutelako”, eta “gure xedea usu berriztatzea da" azaltzen du hiriko garbitasun zerbitzukoa den  Maialen Minvillek. Izan ere, bilketa handiagoa izanez, urak gutiago kutsatuko dira.

Bestalde, 300 saski garden hiriko auzotegi ezberdinetan barreiatuak dira, erdiak hautsontzia duelarik. Aiseago ikus daitezen, "Milesker!" duen xingola laranjaz jantzi dituzte.

Hala, bertutezko birziklatze zikloaren eta ingurumenaren errespetuaren alde  engaiatu da Hiria bere biztanleekin. Hiriko garbitasunaren aldeko Hirien Elkartearen kide da eta eremu publikoen garbitasunaren alde, molde iraunkorrean ari diren elkargoak sariztatzen dituen labelaz baliatzen da. Label horren barnean bi izar baditu ere, lor daitezkeen bost izarretarik hirugarrena erdiesteko galdea luzatu du urte hastapenean. Egungo egunean, ez du elkargo bakar batek helburua bete eta horietan zazpik lau izar dituzte.

Argibide gehiago > Garbitasuna Baionan