ARKITEKTURAREN ETA ONDAREAREN INTERPRETAZIO ZENTROA
Kultura-gune berri bat Baionan: Lapurdum
Lapurdum, denentzako kultura-gune berria
Arkitekturaren eta ondarearen interpretazio zentroa Baionako ondare, hirigintza, kultura eta turismo politikaren tresna da. Denei zabalik dagoenez, elkar ezagutzeko eta jendarteratzeko eremu paregabea da. Hiriaren bihotzean dago, Santa Maria katedraletik hurbil-hurbil: Moneta etxe multzoaren berritze-eragiketaren barne da, Gobernadore karrikan, Gaztelu Zaharraren parean.
Ondarean errotu eszenografia: kontraleihoa
Hautatu eszenografiak hiriko ondare osagai azkar bati keinu egiten dio: kontraleihoek alde zaharreko etxeen aitzinaldeak oroitarazten ditu. Kontraleiho horiek altzariak janzten dituzte eta erakusketa paneletan osagai grafiko gisa baliatuak dira. Irekitzearen, argiaren eta itzalaren, babesaren eta argiztatzearen ikur dira, eta jakin-mina piztea dute xede.
Lapurdumen zer ikusi?
Bideo argitaragabeetan, ibai eta portu hiriaren historia eta paisaiak agertzen dira, baita alde zaharretik kanpoko auzoguneenak ere. Mahai interaktibo batek Baiona nola sortu zen azaltzen du, mendez mende, Antzinatetik orain arte. 100 interes gune ilustratu ditu, eta gotor hiria, ibai eta portu hiria edota erlijio hiria nahi bezala ezagutzeko parada ematen du. "Lehen/orain" argazki harrigarrietan, historia luzean eraiki hiriko paisaien bisaia berriak ikus daitezke. Beste argazki sail batean, Baiona arte guzien hiria ageri da: arkitektura, apainketa, burdingintza, pintura, beirateen artea… Bisitaren harian, noiznahi, "objektu gomit" misteriotsuek ikusleak harrituko dituzte. Eta lekuaren gailurra ezin ahantzi: lurpeko soto gotiko paregabeak bisitariei sekretuak kontatuko dizkie.
Nola sortu zen hiria? Zergatik ditu harresiak? Zer da Breuer eltxe multzoa? Zergatik dira hain hertsiak etxeen aitzinaldeak? Zer erran nahi du Lapurdum hitzak?
Galde horien erantzunak eta beste gauza anitz atzemanen dituzu Baionako Lapurdum arkitekturaren eta ondarearen interpretazio zentroan.