Tokiko ekoizleak Errepublika plazan jarriko dira hilabete bakoitzeko lehen igandeetan San Izpirituko profesionalen elkarteak antolatzen duen Zaporeen merkatua animatzeko. © Zabal'oil 

Merkataritza

Hazkurri merkatu berria San Izpiritun

Uztailaren 4tik aitzina, igandetik, 9:30etatik 16:00etara, tokiko produktu merkatua hilabeteko lehen igandeetan izanen da Errepublika plazan eta Gambetta baratze-plazan. "Zaporeen merkatu" hori ezohiko sukaldaritzako eskaintza bilduko du, eramateko platerak eskainiko dituzten auzotegiko jatetxeei esker.

Data honetan argitaratua

San Izpirituko profesionalen elkarteak antolaturik, agorrilaren 1ean, irailaren 5ean eta urriaren 3an izanen da, igandearekin, neguan pausan izan aitzin, otsailaren 6an izan ezik, "bezero jarraikiak egiteko" zehazten du Guy Mattera, antolatzaileetariko batek. Maiatzean berriz hasiko da erritmo berarekin.

Gambetta baratze-plazan, Kitoko jatetxeak eramateko plater afrikarrak proposatuko ditu, Bidaian jatetxeak ekialdeko kontserbak, Les Caves de Saint-Esprit saltegiak arno ezberdinak, Labègueriek ostrak, Oihana ikastolak taloak, Les Bouchées exotiques saltegiak pintxo kreoleak,  Sana Ines-ek plater prestatuak eta ekialdeko bixkotxak, Assimans-ek gasnak, Suzanne Salles-k txurroak, matahamiak eta olatak, Chez Simone liburu saltegiak sukaldaritza liburuak. Edantegia ezarriko da,  tragoa edateko leku gozoa, perkusionista batek lagunduko duen Diegoren gitarraren soinua entzunez.

Errepublika plazak ezti, olio, oliba, ogi eta belar usaintsu ekoizleak errezibituko ditu.