Hezkuntza Ministerioarekin eta kirol ekitaldien ASO antolatzailearekin elkarlanean, Tourraren diktaketa tradizionala antolatu du Baionako Hiriak. © Mathieu Prat 

Kirola

Diktaketa bat Itzuli Handia baino lehen

Hemendik zehazki 99 egunetara, Frantziako Itzuliaren txirrindulariek zeharkatuko dute, Baionan, hirugarren etaparen helmuga. Herritar ekitaldi handi horren ospatzeko, Baionako Hiriak Herriko Etxea horiz argiztatu du, helmuga Tourraren koloreak dituzten ikurrinez apaindu, eta Herriko Etxe aitzinean diren alegoriazko 6 estatuei zapi horiak jantzi dizkio.

Data honetan argitaratua

Hezkuntza Ministerioarekin eta kirol ekitaldien ASO antolatzailearekin elkarlanean, Tourraren diktaketa tradizionala ere antolatu du Baionako Hiriak.

Frantziako Itzuliaren diktaketak Baionako Jean-Moulin, Les Arènes, Jean-Cavaillès eta Jules-Ferry eskoletako lehen mailako laugarren eta bosgarren urteetako 170 ikasle biltzen ditu. Diktaturiko testua 2022ko urriaren 27an agertu France Bleu Pays Basque delakoaren artikulu bati dagokio : 2023ko martxoaren 24an irakurri zien haurrei Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoaren lehendakariak, berekin zituelarik Anthony Michel, kazetari eta diktaturiko testuaren egileetako bat, eta Camille Lopez, Aviron bayonnais Rugby pro deitu klubaren jokalaria, errugbiko Frantziako talderako 28 aldiz hautatua izan dena.

Frantziako Itzulia gure artean pasatu zen azken alditik hogei urtera, berriz ere hemen ukanen dugu, Baionako Akitania hiribidera heltzen, 2023ko uztailaren 3an, Frantziako 110. Itzulia, Hegoaldeko Amorebieta-Etxanotik abiatu 185 bat kilometroko etapa baten ondoren. Baionara heltzea luzaz izan da Tourraren ezin baztertuzko etapa. 1906tik 1938ra, Baiona 21 aldiz izan baitzen etapa baten helmuga. 1947 eta 1972 artean, zortzi aldiz, eta gero bi aldiz etapa abiapuntu (Paue aldera) besterik ez zen zen izan, 1986 eta 1987 urteetan. 2003. urtea arte ez zen etapa helmuga berriz izan, eta orain arteko azkena izan zen hura, Tyler Hamilton amerikarrak irabazi zuena, Iratiko bidean, lepauztai bat hautsirik, mendi igoera sinestezin bat egin ondoren.