Ekonomia, Gastronomia
Xingar Feria itzultzen zaigu !
Publié le
Hasierako formarekin itzuli zaigu : besta lau egunez Bazkoko asteburuaren karietara, apirilaren 14a, ostegunetik, 17a, igandera. Aitzineko urteetan bezala, gastronomia eta aparteko eskulangintza sarea dira aitzinera ekarriak Xingar Feriaren 559. ale honetan. Baionako nortasuna eta ohiduren zinezko markatzailea dugu tokiko eskulangileen trebetasunaren ikurra den mokofin feria hau.
Mokofinen hitzordu handia
Urte guziz bezala, bai profesionalek eta bai publiko zabalak berantetsia dute udaberriko ekimen hau. Jakin minez beteriko jendea horrela hurbildu da hiriaren bihotzean antolatu animazioez gozatzeko (etxeko xingar eta arroltze moleta onenen lehiaketak, erakusketak, kofradien desfilea...). Roland-Barthes plazan kokatu karparen azpian, publikoari harrera eskaintzen diete eskualdeko gazitzaileek haien xingar labelizatu eta ziligatuak aurkezteko eta dastarazteko. Mokofinen itzuli hau osotzeko, hogoi bat tokiko ekoizlek etxeko mozkinak proposatzen dituzte. Ezin baztertuzko hitzordua bilakaturik, 250 000 bisitari inguru erakarri zituen Xingar Feriak 2021ean, hiru egunez.