Horra, horra Olentzero… eta Mari Domingi
Publié le
Aurten abenduaren 17an kaiaratuko da, Mari Domingirekin batean, lekuko hiritarreri beren agurraren emaiteko. Arratsaldeko 3etan Errobin behera ikazkina helduko da Xaho kaiarat Ibaialdeko treineruak karreaturik, ber denboran Aturritik Euskal Joutes taldeko arraunlariek Mari Domingi haren ganat urbilduko dutelarik. Usaian bezala, hiriko eskola elebidun eta Ikastoletako haurren kantuek errezebituko dituztelarik.
Neguburuko kriseilua piztu
Haurrekin goxatu ondoan, Mari Domingi eta Olentzero, beren astoak lauzkaturik hirian barna ibiliko dira, kantarien botz, soinularien musika, eta joaldunen joareen bolera artean. Ikatza eta goxokiak banatzeaz gain neguburuko edo solstizioko mezua – gaua berriz laburtzen eta eguna luzatzen hasiko dela – denetan hedatuko dute, piztuz hainbat saltokietan Neguburuko Kriseilua, kriseilu bat pizturik egonen dena, urteko garai ilunenaren iragaiteko. Kriseilurik haundiena, urtats arte Euskal Museoan pizturik egonen da, Baionako hiritar guziendako.
Horrela esperantxa eta alegrantzia hedaturik jendeen baitan, Olentzerok eta Mari Domingik idekiko dute Espainiako atean iraganen den Txixtorra gaua, jan eta edanez ere bihotza eta gorputz guzia airosten baitira. Larunbat arte Olentzero eta Mari Domingi !